XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta gogoan hartzen badugu hala eta guztiz ere beti izan direla zaintzaile batzuk arduratu direnak jendearen etxeek herriaren apaingarri bezala balio izan dezaten, erraz konturatuko gara zer zaila den gauzak ondo egitea besteen lanen gainean jardutean.

Honela ba, iruditzen zitzaidan, aspaldi erdi basatiak izanik pittinka-pittinka zibilizatu diren herriak (euren legeak gauzatu dituztelarik hilketen eta auzien nahigabeak behartu dituzten neurrian) ezin daitezkeela antolatu elkartu zirenetik legegile zuhur baten konstituzioari jarraitu diotenak bezain ondo.

Era berean, ondo gauza ziurra da Jainkoak bakarrik moldatu duen benetako erlijioaren egoerak beste guztiak baino hobeto arautua egon behar duela askotik ere. Eta, giza arazoei buruz hitz eginez, nire ustez Esparta antzina oso loratsua izan bazen, honen arrazoia ez zen izan bere lege bakoitzaren berezko ontasuna, zenbait nahikoa bitxiak eta ohitura onen aurkakoak baitziren, baizik eta xede ber berara zuzenduta zeudela, bakar batek asmatu zituelako.

Eta, era berean, pentsatzen nuen gehiago hurbiltzen zaizkiola egiari gizaki batek aurrean dituen gauzei buruz egin ditzakeen arrazonamenduak liburuetako zientziak baino (gutxienez bakarrik arrazoi gertakorrak eta frogapenik ez duten zientziak baino gehiago, pittinka-pittinka zenbait pertsona ezberdinen iritzietatik osatuak eta haziak izan direnak).

Eta pentsatu nuen, gainera, arrazoimen osoa jaiotze puntutik izan bagenu gure esku, eta beti berak zuzendu izan bagintu, gure irizpenak ezin gardenagoak eta sendoagoak izango liratekeela; gizaki izan aurretik ume izan baikara, eta luzaroz gure gurarien eta oharkarien agintepean egon behar izan baitugu, eta hauek gurariak eta oharkarien aginduak sarritan elkarren aurkakoak dira eta beharbada ez digute aholkatzen beti onena.